BLOGA

GASTRONOMIA
2015(e)ko urr. 23(a)

"El Fabulista", lurpeko upategi bat Guardian

"El Fabulista", lurpeko upategi bat Guardian

Arabar Errioxa munduan da ezaguna bertako ardo goxoei esker. Mahatsondoak, upategiak eta ardoa eskualdearen zein herritarren historiaren, ondarearen eta egunerokoaren parte dira. Botilatik haratagokoa da beren historia. Eta Guardia dugu horren adibide garbia: lurpeko upategiak dira herriko ezaugarri nagusi eta ardoaren gaineko istorioak ez ezik Guardiaren beraren historia ere kontatzen dute. Ez dira upategi soilak.

 

Erdi Aroan sortu zen Guardia. X. mendean, Antso Abarka errege nafarrak gaur egun Arabar Errioxa denaren iparraldean gaztelu bat eraiki zuen, Nafarroa mairu eta gaztelatarrengandik zaintzeko. Horrela sortu zen Guardia, eginkizun militarrarekin. Izenak ere badu horrekin zerikusirik: “La Guarda de Navarra” izan zen Guardiaren lehen izena, Nafarroako Erreinura sartu eta ateratzeko atea baitzen.

 

XIII. mendean, Antso VII.a “Sendoa” -k erabat harresitu zuen gaztelua eta herria bera. Egun zutik den harresia orduko haren zati bat da, XIX. mendeko Frantziaren aurkako Independentzia Gerrak eta Guda Karlistek suntsitu egin baitzuten zati handi bat.

 

Guda eta liskarrekin oso lotua egon den herria dugu, beraz, Guardia. Eta bertako lehen upategiak ere bai, lurpean eraiki baitzituzten. Guardiako etxeek lurpean eraikitzen zituzten beren jaki-tokiak, gordeleku gisa ere erabiltzen zituzten despentsak. Ziur inork ez badaki ere Erdi Aroko zein garaitan hasi ziren herritarrak horretan, jaki-toki horiek bihurtu ziren upategi. Izan ere, lurpeko jaki-tokiak urte guztian tenperatura beretsuan mantentzen ziren, ezinbesteko baldintza ardoa ondu eta mantentzeko.

 

200 upategi baino gehiago daude Guardiako lurpean eta, garai batean, tunel eta pasadizoetatik herria alderik alde guratza zitekeela esaten da. Guda eta liskar garaietan, upategiak elkar komunikatuta zeuden eta jakin ba omen zekiten zein upategik zuten kanpora irteera. Egun, upategiak ez daude elkar komunikatuta, hormatuta daude pasadizoak.

 

“El Fabulista” upategia

 

Guardiako 200 upategi horietatik 5 bisita daitezke gaur egun. "El Fabulista" upategia da horietako bat. Felix Maria de Samaniego alegia-idazle ezagun eta, ausartuko gara esaten, hauslea bizi izan zen etxean dago eta hortik datorkio izena. Samaniegoren izaera hauslea mantentzen saiatzen dira beren lanerako moduan eta eskaintzen dituzten bisitetan.

 

XII. mendekoa da "El Fabulista" upategia. Hasieran gordeleku gisan erabiltzen zuten eta XVI. mendean hasi ziren ardoa egiten. Garai hartan egiten zuten gisan jarraitzen dute lanean, modu erabat tradizionalean eta kalitateari kantitateari baino garrantzia gehiago emanez. Beste hainbat istorioren artean, beraz, lurpeko upategietan ardoa nola egiten den ikus daiteke bertan. Gauza benetan bitxia.

 

"El Fabulista" upategiaren lehen solairuan bi dolare daude. Han irakiten du mahatsak lehen aldiz, zanpatu aurretik. Hori da Arabar Errioxako ardoa egiteko modu tradizionala. Behin irakindakoan, zanpatu eta muztioa 7 metrora dauden gordailuetara jausten da. Gordailuan irakiten du muztioak bigarren aldiz eta ardoa kupeletara pasatzen da ondoren, hala tokatuz gero. Bitxikeria gisan esan, Guardian, garai batean ez zela ohikoa ardoa kupeletan ontzea. Hala zituztenek, egungoak baino kupel handiagoak izaten zituzten eta upategian bertan egiten zituen upelgileak, behin egindakoan ezin baitziren behera jaitsi.

 

Bost ardo ekoizten ditu “El Fabulista” upategiak: 4 beltz eta zuri bat. Eta bakoitzaren izena Samaniegoren alegia batean oinarritzen da. Ardo zuriak, adibidez, “Arrantzalea eta Arraina”ren alegia kontatzen du. Etiketak ere alegien baitakoak dira eta botilari oso izaera eta itxura berezia ematen dio horrek, bitxi egiten du.

 

Bi gisatako bisitak eskaintzen ditu "El Fabulista" upategiak: ohikoak (7€) eta antzeztuak (11€). Hilean bi larunbatetan Samaniego bera izaten da bisitan alegiak eta hain ezagunak ez dituen ipuin erotikoak kontatzen. Bisitak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez izaten dira eta aurretik erreserba egitea gomendatzen dute.

PARTEKATU POST-A