BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016(e)ko abu. 16(a)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (1/2)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (1/2)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua. Eta esan dezagun “ahaztua” aldarrikapen txiki moduan, A8an Bilbotik Kantabriara ti-ta batean pasatzen garelako edo, Bizkaia ia Bilbon bertan bukatzen dela baitirudi. Eta ez ba, Bizkaiak badu mendebalderago historia eta altxor ugari gordetzen dituen eskualde eder bat: Enkarterri.

 

Beruna eta egurra bezalako lehengaietan aberats, erromatarren galtzadak, Erdi Aroko dorretxeak, Ameriketatik bueltan etorritako indianoen jauregiak, meategiak... dira Enkarterriko historiaren ezaugarri nagusi. Historiaz, ondare apartaz zein paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu bertan. Has gaitezen Balmasedatik bertatik.   

 

BALMASEDA, BIZKAIKO LEHEN HIRIBILDUA

 

Gaztelara joateko derrigorrezko igarobidea izan zen Balmaseda urte luzez, Kadagua ibaiari jarraiki, Gaztela eta Bilbo lotzen zituen Errege Bidea bertatik pasatzen baitzen. Erdi Aroan eraikitako Zubi Zaharra, egun Balmasedaren ikur bihurtu dena, izan zen joan-etorri horien guztien testigu. Zubi Zaharraz gain, Balmasedako kale zidor ederretan galtzea duzue gure proposamena. Eta ezin aipatu gabe utzi bi hitzordu garrantzitsu: Aste Santuko Balmasedako prozesioak eta maiatzean ospatzen duten Erdi Aroko azoka.

 

ABELLANEDAKO DORRETXEA (Sopuerta)

 

Erdi Aroan sortu ziren mende askoan zehar Enkarterriko ekonomia eta gizartea antolatu zuten lehen erakundeak. Tradizioak dio, Enkarterriko hiribildu eta kontzejuetako herritarrak haritz baten itzalpean elkartzen zirela eskualdeko gaiez jarduteko.

 

Abellanedako dorretxean hasi ziren ospatzen Batzar Nagusiak eta geroztik, Enkarterrik eskumen eta konpetentzia propioak izan ditu urte luzez. Gernikako Batzar Nagusietara Bizkaiko jaurerriarekin eztabaidatu beharreko gaiez jarduteko bakarrik joaten ziren XVI. mendearen amaiera arte.

 

Egun, Abellanedako dorretxean dago Enkarterriko Museoa. Museoa eskualdearen eta bertako biztanleen gaineko bidaia kronologikoa da, ikuspegi ekonomiko, sozial, politiko zein kulturaletik.

 

EL POBAL BURDINOLA (Muskiz)

 

Bizkaian martxan ikus daitekeen burdinola bakarra da El Pobal, Muskizen. XVI. mendean jarri zuen martxan Salazar familiak eta ez zen gelditu XX. mendera arte. Industria-garaia heldu aurretik, Bizkaian zinez garrantzitsuak ziren bi jarduera ezagutu ahal izango ditugu bertan: burdinolena eta errotena.

 

Hala nahi izanez gero, Abanto Zierbenako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eta Sopuertako Alen gaineko herri meatzari abandonatua ere aukera ederrak dira. Hauekin batera aipatu pasa den azaroan inauguratu zuten Dolomitas meatze-fabrikako museoa. Karrantzan dago eta Eusko Jaurlaritzak ondare kultural izendatua du. Martxan zegoen garaian, ia 3 kilometroko aireko tranbia baten bitartez ekartzen zuten minerala harrobitik fabrikaraino. Bizkaiko azken aireko tranbia izan zen berau eta egun, Dolomitas meatze-fabrikako museoan dago ikusgai.

 

Eta zer gehiago? Hemen proposamen gehiago... Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (2/2)

PARTEKATU POST-A