BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016(e)ko abu. 17(a)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (2/2)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (2/2)

Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua. Eta esan dezagun “ahaztua” aldarrikapen txiki moduan, A8an Bilbotik Kantabriara ti-ta batean pasatzen garelako edo, Bizkaia ia Bilbon bertan bukatzen dela baitirudi. Eta ez ba, Bizkaiak badu mendebalderago historia eta altxor ugari gordetzen dituen eskualde eder bat: Enkarterri.

 

Beruna eta egurra bezalako lehengaietan aberats, erromatarren galtzadak, Erdi Aroko dorretxeak, Ameriketatik bueltan etorritako indianoen jauregiak, meategiak... dira Enkarterriko historiaren ezaugarri nagusi. Historiaz, ondare apartaz zein paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu bertan.

 

LA ENCARTADA FABRIKA-MUSEOA (Balmaseda)

 

La Encartada fabrikak artilezko puntu-lanean (batez ere, txapelak egiten) jardun zuen ehun urtez, XIX. mende amaieratik XX. mende amaiera arte. Artilezko ehungintzaren sektoreak zeresan txikia izan du Bizkaian, baina aitzindaria izan zen industria-garaiko aurrerapen teknikoak ezartzeko orduan.

 

XIX. mendean martxan zen fabrika eta orain ikus dezakeguna ia berbera dira, ezer gutxi aldatu da. Denboran zeharreko bidaia bat da beraz bisita, eta fabrikaz beraz gain, langileen etxeak, jabeen logelak… ere ikus daitezke garai hartan zeuden gisa berean.

 

LOIZAGA DORREA: KOTXE ZAHAR ETA KLASIKOEN MUSEOA (Galdames)

 

Antza denez, XIII. mendeko defentsa dorre bat leku aproposa da luxuzko autoen bilduma bat gordetzeko. Horixe topatuko duzue Loizaga dorrean: Europako Rolls-Royce bilduma pribaturik handiena. 45 Rolls-Royce daude bertan, beste luxuzko hainbat kotxeren artean. Guztiak daude berrituta eta martxan jartzeko prest. Bitxikeriak? Rolls-Royce-ak motorra eta xasisarekin bakarrik saltzen omen ziren eta erosleak karrozeria bere gustu eta nahietara jartzen omen zion ondoren. Kutixiak kutixi, ez daude, beraz, bi Rolls-Royce berdin.

 

ETA NATURAZ GOZATZEKO...

 

Pozalaguako kobak (Karrantza) ez du ia aurkezpenik ere behar. Pozalaguako leizea da munduan estalaktita eszentriko gehien dagoen lekua. Estalaktitak elkar lotzen eta nahasten dira grabitateari muzin eginez, eta sortzen dituzten irudiak eta formak ikusgarriak dira benetan. 1957an aurkitu zuten Pozalaguako leizea kasualitatez, alboko harrobian eragin zuten leherketa baten ondorioz.

 

Armañongo natura-parkeak eta Burdinmendi bide berdeak ere merezi dute aipamena. Lehenari dagokionez aipatu, mendigunea nagusiki kare harrizkoa denez, lurrazaleko zein lurpeko paisaiak ikusgarriak direla: 200 kobazulo baino gehiago daude katalogatuta eremu honetan. Armañongo natura-parkeko parketxeko interpretazio-zentroa Karrantzan dago, Pozalaguako leizeen alboan. Orain interpretazio-zentroa dagoen gunetik eramaten zuten ia 3 kilometroko luzera zuen aireko tranbiaz Pozalagua alboko harrobitik ateratako minerala Dolomitas-eko fabrikara.

 

Burdinmendi bide berdea Bizkaiko luzeena da. 40 kilometroan, kirolak, naturak eta eskualdeko historiak eta izaera meatzariak bat egiten dute. Burdinkleta turismo aktiboko enpresak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu bertan. Burdinmendiko bide berdearen 0 km-an, Artzentalesen, gisa guztietako bizikletak (helduentzat, haurrentzat, karroarekin/atzeko aulkitxoarekin...) alokatzeko lokala dute eta egun guztiko txangoak, bisita gidatuak... ere eskaintzen dituzte. Horrez gain, badute beste eskaintza oso interesgarri bat: Enkarterriko pedalak.

 

Iaz jarri zuten martxan eta Enkarterri ezagutzeko 200 kilometroko BTT-ibilbidea da Enkarterriko Pedalak egitasmoa. 3, 4 edo 5 egunetan egin daiteke. Ibilbidea bera da beti: 3 egunetan egiten dutenek etapa luzeagoak dituzte eta 5 egunetan egiten dutenek, berriz, motzagoak; eta denbora gehiago beraz eskualdeko beste interesgune batzuk ikusteko.

 

Telefonoz edo webgunean egin daiteke txangoaren erreserba, zenbat jende eta zenbat egunetan egin nahi den azalduz. Burdinkletakoak arduratzen dira lo-lekua topatzeaz, motxilak alde batetik bestera eramateaz, matxuraren bat izanez gero asistentzia eskaintzeaz... GPS-an sartzeko track-ak eta liburuxka bat ere jasotzen dute txirrindulariek. Ibilbidea bukatzen dutenek "finisher" elastikoa jasotzeko ohorea ere izaten dute :)

 

Eta zer gehiago? Hemen proposamen gehiago... Enkarterri, Bizkaiko eskualde ahaztua (1/2)

PARTEKATU POST-A