BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko urr. 30(a)

Halloween Euskal Herrian? Bai, jauna

Halloween Euskal Herrian? Bai, jauna

Halloween Euskal Herrian? Bai, Halloween Euskal Herrian. Euskaraz eta izen berarekin, gainera. Arimen Gauaz ari gara, horixe esan nahi baitu “Halloween”-ek antzinako ingelesean, kristautasunak azaroaren 1a Domu Santu egun bihurtuz geroztik.

 

Euskal Herrian Arimen Gaua urteetan ospatu izan da Domu Santu Egunaren bezperan edo bueltan, orain denbora gutxira arte. 50-80. hamarkadara arte ohitura zen kuiak, patatak, erremolatxak edo arbiak lapurtu, hustu eta kandelak jartzea, trapu zaharrekin mozorrotzea, jendea beldurtzea, baserrietan bildu eta gaztaina erreak jatea, edo umeak eskean ibiltzea. Neguko jaien lehen festa zen Arimen Gaua.

 

Aitzitik, galdu eta ia ahaztu egin dugu urte gutxian, Ipar Ameriketatik heldu den ohitura eta festa gisa hartu dugu askok eta askok. Guk ere orain gutxi jakin dugu Europatik hara joan eta bueltan datorkigun kontua dela.

 

Mutrikuko Gaba Beltza

 

Euskal Herriko txoko batean baino gehiagoan hasi dira Arimen Gaua berreskuratzen eta horietako bat dugu Mutriku (Gipuzkoa).

 

Mutrikun bada kondaira bat: Talaixako Mamuaren kondaira. Egunez, baleak begiztatzea zen Talaixeroaren lana; gauez, aldiz, piraten salatari izatea. Hauek agertzen zirenean bi argi gorri distiratsu pizten zituen. Inork ez zekien nor zen, nongoa zen eta zer itxura zuen, baina horixe zuten beren zaindaria.

 

1209an, gertaera bitxi bat gertatu omen zen. Orduan ere, urriaren 31n Gaba Beltza ospatzen zen eta kalabazaz eta kandelaz jantzi ziren kaleko txoko eta etxe ia guztiak, arima erratuengandik babestu nahian. Arrats hartan mamu bat azaldu zen, kalabaza itxurako burua eta bi begi gorri zituen mamua. Diotenez, kalabazarik jarri ez zuten ateak jo eta gauaren iluntasunean desagertu zen.

 

Gau hartan bertan, piratak kalabazarik ez zuten etxeetan sartu eta deus gabe utzi zituzten familiak. Herriko zaindariak ez ziren erasoaz konturatu, ez zutelako Talaixa gainean argi gorririk ikusi. Gero ohartu ziren Talaixeroa izan zela gau hartan kaleetan ibili zen mamua, argi gorriak mamuaren begiak zirela. Piratak mamuarekin beldurtzen zirenez, ez ziren kalabaza zuten etxeetara sartzen, bai ordea kalabazarik ez zuten bizilekuetara. Horregatik ibili zen mamua ate joka, etxekoei gaiztakeriak hartuko zituela jakinarazteko.

 

Kondairak dioenez, oraindik ere, Gaba Beltza iristean, Mutrikura jaisten da Talaixako Mamua, eta txoko guztiak arakatu eta kalabazarik ez duten etxeetan atea jotzen du.

 

Orain hamabost bat urte hasi ziren herriko taldeak Gaba Beltza antolatzen, Udalarekin elkarlanean. Egitaraua urtero aldatzen bada ere, badira jaiak oso berezkoak dituen ezaugarriak: Axuri Beltza kalejira solemnea, beltzez jantzita, eta kandela eta argi zuziekin egiten dutena; eta Talaixako Mamua erretzea. Herritarrak beltzez jantzita eta aurpegia margotuta ibiltzen dira eta dendak eta tabernak ere atontzen dituzte. Egitaraua dena delakoa izanik ere, Euskal Herriko Arimen Gaua ezagutzeko aukera bikaina, ezbairik gabe!

PARTEKATU POST-A