BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko mar. 9(a)

Kobazuloen Eguna 2015

Kobazuloen Eguna 2015

Datorren igandean, martxoak 15, VI. Kobazuloen Eguna ospatuko du Lurpea elkarteak. Arrikrutz-Oñatiko koba, Ekainberri, Isturitz-Otsozelaiako leizeak, Mendukiloko kobazuloa, Pozalaguako koba, Sarako Leizeak, Sorginen Koba (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak osatzen dute elkartea. 2008an sortu zen Lurpea elkartea herritarrei "seigarren kontinentea" deskubritzeko parada eskaintzeko asmoz, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz. Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormek oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez hitz egiten digute.


Leize bakoitzak bere egitarau propio badu ere, guztietan izango da %50eko deskontua sarreretan, eta bisitariek Etxarri Larraungo “Ongi Etorri” landetxean asteburua pasatzeko eta kobazulo parte-hartzaile guztietan sartzeko bono baten zozketan parte hartzeko aukera ere izango dute.


Arrikrutz-Oñatiko leizea (Gipuzkoa): Arrikrutz-Oñatiko leizea Euskadiko aitzindarietako bat izan da espeologia, arkeologia eta paleontologoa azterketetan. Haitzulo barruko ibilbideak ordubete inguruko iraupena du eta bitxikeria gisa esan, bisitan orain milaka urte leizean bizi izan zen lehoi baten eskeleto osoa ikus daitekeela. Gisa horretako lehen aurkikuntza izan zen Espainiar estatuan.


VI. Koben Egunerako Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuak egunean zehar birritan izango du geldialdia Arrikrutz-Oñatiko kobetan. Egun horretan bertara gerturatzeko asmoa izanez gero, erreserba egitea gomendatzen da ondorengo telefono zenbakira deituta: +34 943 08 20 00.
 

Ekainberri (Zestoa, Gipuzkoa): Igandean Ekainberrira hurbiltzen diren bisitariek betiko bisita eta abenturez gozatzeko aukeraz aparte, benetako lehen gizaki bihurtu direla frogatu ahal izango dute sua, margoa eta ehiza lotuko dituen lehiaketa batean. Egunaren amaieran, denborarik onena lortzen duen lehiakideak sari bikain bat irabaziko du. Bisita gidatuetan eta Ekain Abentura tailerretan parte hartzeko erreserba egitea gomendatzen da, publiko muga dutelako. Horretarako, +34 943 86 88 11 telefono-zenbakia edo www.ekainberri.com web orria erabili daitezke. Historiaurreko lehiaketan egun osoan zehar hartu ahal izango da parte, horretarako prestatuta egongo den txoko berezian.
 

Isturitz eta Otsozelaiako leizeak (Donamartiri, Behe Nafarroa): Igandean irekiko dute denboraldia Isturitz eta Otsozelaiako kobetan. Bisitak 14:00etatik 17:00etara izango dira. Audio-bisitak izango dira: Pierre Esteve musikologoaren "Erresonantziak" obrarekin lagunduta egingo dira bisitak.
 

Mendukilo (Astitz, Nafarroa): Aurten 10 urte betetzen dira Mendukiloko leizea publikoari ireki zitzaionetik. Aurtengo Koben Eguna, beraz, ospakizun bikoitzerako aitzakia izango da. Larunbatean, martxoaren 14an, Nafarroako Espeleologi Federazioak lagunduta, buru-argiak, sokak, kaskoak, arnesak, buzoak eta katiuskak hartu eta Aralarko erraietan espeleologoen esperientziak bizitzeko aukera izango da. Bisita berezi eta berdingabe hauen gehiengo kopurua 70 pertsonakoa izango da, hauetako 25 plaza haurrentzako izango dira. Tarifak: helduak, 30 € eta umeak, 10 €. Aurre-erreserba egitea beharrezkoa da. Igandean, martxoak 15, Mendukilora gerturatu nahi dutenei ere erreserba egitea gomendatzen zaie.
 

Pozalaguako leizea (Karrantza, Bizkaia): Martxoaren 13an Karrantzako Kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan, Karlista leizeari buruz gai askotariko hitzaldi bat egongo da. Pozalaguatik metro gutxira, Armañon Parke naturalaren barnean, dagoen kobazulo hori mundu mailan handienetarikoen artean kokatzen da. Ekitaldia Karrantzako Udalak eta Esparta espeleologia taldeak antolatu dute. Sarrera doakoa da.
 

Sarako Leizeak (Lapurdi): Sarako Leizeetako sarreretan %50eko deskontua izango da martxoaren 15ean.

 

Sorginen Leizea (Zugarramurdi, Nafarroa): Aurten lehen aldiz, Rally fotografiko bat antolatuko da leizeen eguneko asteburuan Itxusi Argazki Elkartearen laguntzarekin. Behin Zugarramurdira joanda, gomendatzen dizuegu Sorginen Museoa ere bisitatzea, Inkisioak 1610. urtean erre zituen emakume-sorginen gainean zerbait gehixeago ikasteko.


Urdazubiko Leizea (Nafarroa): Urdazubin aurten beste jarduera berezi bat egingo da: arkeologia esperimentaleko tailer bat izango da, Iñaki Libanoren eskutik. Silex materialarekin egindako hainbat erreminta sortzeko lanen erakustaldi bat egingo du Libanok, eta sua piztuko du duela 15000 urte bezala. Erakustaldia 12:00etan izango da Ikaburuko haitzuloetako lorategian. Sarrera doakoa izango da.

PARTEKATU POST-A