Imaginatzen duzu zure burua txakur txiki bat ordaintzen hagin bat ateratzeagatik, arropak errekan errautsekin garbitzen eta zuritzen, edota inude baten beharrean haurrari bularra eman ahal izateko? Ez da ariketa erraza gaur egun, baina urtero legez, Otsagabian (Nafarroa) izango duzu horretarako aukera.
Orhipean festa, tradizio eta ohituren festa, ospatuko da datorren abuztuaren 27an. 100 urte atzera egingo dute herriak zein herritarrek eta, beraz, XX. mende hasierako Euskal Herriko Pirinio aldeko ohiko egun batean murgiltzeko aukera bikaina duzu honakoa.
2003an ekin zioten jaia ospatzeari. Herritarrek beraiek prestatu eta parte hartzen dute Otsagabiako turismo eskaintza zabaldu eta beren ondare kulturala, tradizio eta ofizioak, balioan jartzeko asmoz. Geroztik, Nafarroako Pirinio aldeko jairik ezagun eta erakargarrienetakoa bihurtu da Orhipean.
Egun batez, Otsagabiako etxe eta tabernek orain mende bat inguruko itxura hartzen dute eta herritarrak irule, latsari, ikazkin, bizargile, dentista edota abeltzain paperean sartzen dira. Haurrak ere han ibiltzen dira garai bateko jolasetan: uztai, goitibera, kinkinka edota harrapaketan.
Dekoratuak, jantziak eta eginbeharrak ahalik eta modu errealistenean irudikatzeko, Orhipenen antolatzaileek garai bateko liburu eta argazkiak aztertu dituzte. Egunean bertan, trafiko seinaleak... tapatu egiten dira eta janzkerari dagokionez ere, badituzte beren “arauak” (bisitarientzat ere bai, hala nahi izanez gero).
Gizonezkoak telazko edo panazko galtza ilunak (ezer gabeak edo marradunak), alkandora argia, kuadroduna edo marraduna, txalekoa edo jaka (nahi izanez gero) eta txapela janzten dute. Emakumeak ere ilunez janzten dira, garai hartan ia beti egoten baitziren doluan eta erabiltzen ziren tindagaiak landareetatik lortzen baitziren. Mutikoak galtza motzetan edo mantalarekin ateratzen dira kalera eta neskatilak, berriz, kolore argiko soina edo mantalekin eta buruan begiztekin.
Ezin dituzu ikusi gabe utzi...
Orhipean aldera gerturatzeko asmoa baduzu, ezin dituzu ikusi gabe utzi “matatxerri”-a (txerri hiltzea), gari jotzea eta latsariak. Bisitatu taberna ere, garai hartako legeek zioten moduan, erretzea eta biraoka aritzea debekatuta dagoena.
Artisau azoka ere izaten da eta etxeko txikienek garai bateko jolasak ezagutu eta haiekin jolasean ibiltzeko aukera ere izango dute.
Informazio gehiagorako: www.turismo.navarra.es / www.orhipean.org
Argazkia: Noticias de Navarra