BLOGA

GASTRONOMIA
2016(e)ko ots. 5(a)

Boilurraren eko-museoa, Metautenen (Nafarroa)

Boilurraren eko-museoa, Metautenen (Nafarroa)

Perretxiko eta onddozale fama ondo irabazia dugu euskaldunok. Badugu, ordea, “onddo” hitza aipatu eta lehen kolpean inor gutxiren burura etorriko den beste altxor preziatu bat ere: boilurra. Nafarroa alderakoa gure gaurko proposamena. Azarotik martxora bitarte izaten da boilur-sasoia eta Metauteneko Boilurraren Eko-Museo eta Interpretazio Zentroak “BoilurEsperientziak” antolatzen ditu azarotik hasi eta otsaila amaiera arteko igandeetan, boilur-bilketa bertatik bertara ikusi eta ezagutu ahal izateko.

 

Zuhaitzen sustraietan sortzen den onddoa da boilurra eta zakurrek lagunduta biltzen dira. Basurde eta zerriek ere usaimen bikaina dute boilur-bila ibiltzeko, baina topatu bezala jan egiten dituzte. Diotenez, biltzailerik finenek beren kabuz ere topatzen dituzte boilur-euliei so eginez: eulia non pausatu, boilurra han. Euskal Herrian, Araba eta Nafarroa erdialdean jarduten dira, nagusiki, boilurra lantzen; udako boilurra eta neguko boilur beltza.

 

Antzinatean, boilurrak gaitasun afrodisiakoak zituela uste zuten. Egiptoarrek arrautza-irinetan pasatuta jaten zuten eta greziarrek onddo honen gaineko gastronomia lehiaketa bat antolatu zuten jada kristo aurreko IV. mendean. Aitzitik, Erdi Aroan utzi egin zitzaion lurpeko onddoa jateari. Izan ere, beltza delako, forma argirik gabea, eta basoetan hazten dela jakinik, sorginen eta aztien bizilekuetan hain justu, deabruaren beraren adierazpen zela uste omen zuten. Edo hori esaten zitzaion behintzat herri xeheari, Aita Sainduek jaten jarraitu omen zuten eta.

 

Errenazimentu garaian indarra hartu zuen boilurrak Frantzia eta Italian, eta XVIII. mendean, erregeen sukaldariek bultzada handia eman zioten jaki gozo honi.

 

Frantziatik heldu zen boilurren berri Nafarroara pasa den mendeko 50. hamarkadaren amaieran. Ordura artean, basurdeek soilik ezagutzen zuten “sekretua” beren usaimen finari esker. Bide batez esan, haiei esker mantendu izan direla berezko boilur-sailak, jandakoaren esporak beren gorozkiekin zabalduz.

 

Frantzian landa-guneak husten hasi zirenean, bertako boilur-biltzaileak Katalunia aldera heldu ziren eta kataluniarrek frantziarrak zertara etorri ziren jakin zutenean berriz, haiek Euskal Herrira. Txakurrekin baina eskopetarik gabe ibiltzen ziren ehiztari bitxiz bete ei ziren mendi-bazterrak. Laster jakin zuten nafarrek zer zen boilurra.

 

20 bat urteko urrezko aroa bizi izan zuen. Landa-eremuak husten hasi zirenean, sasitzak hartu zituen basoak eta boilurrak ia desagertu egin ziren, gune garbiak eta eguzki-printzak behar baititu hazteko. Egun, 90. hamarkadan abian jarritako boilur-haztegiek diraute martxan.

 

Boilurraren Eko-Museoa eta Interpretazio Zentroa & “BoilurEsperientziak”

 

2007an jarri zen martxan Metauteneko Boilurraren Eko-Museoa eta Interpretazio Zentroa, lehena Espainiar estatuan.

 

Museoa bera bisita daiteke: boilurraren eta boilurzainen historia eta hainbat bitxikeria ezagutuko dituzue bertan dauden zenbait panel eta bideo labur baten laguntzaz. Etxeko txikienentzako txokoa ere bada. Museoaz beraz gain, denda, dastaketa-gela eta taldeentzako hainbat ekintza (paseo gidatuak, dastaketak, erakustaldiak…) ere antolatzen dituzte. Batzuk urte osoan zehar, beste batzuk, berriz, boilur garaian. “BoilurEsperientziak” dira horiek.

 

"BoilurEsperientziak" azaroatik hasi eta otsaila bitarteko igandeetan izaten dira, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Euskaraz eta gazteleraz egiten dira eta pertsonako 12 € kostatzen da esperientzia. Zertan datza "BoilurEsperientzia"? bisita gidatua eko-museora, zakurrekin egiten den boilur-ehizaren erakustaldia eta boilurdun jakien eta ardo nafarraren dastaketa. Aurrez erreserba egitea beharrezkoa da, telefonoz (948 55 39 54 / 695 931 189) edo info@museodelatrufa.com helbide elektronikora mezua bidalita.

 

Informazio gehiagorako: www.museodelatrufa.com

 

 

Argazkia: Lur Gorri hotela

PARTEKATU POST-A