BLOGA

GASTRONOMIA
2015(e)ko uzt. 30(a)

Crusoe Treasure, urpeko upategi bat Plentzian (Bizkaia)

Crusoe Treasure, urpeko upategi bat Plentzian (Bizkaia)

Plentzian, Bizkaian, urpeko upategi bat dago. Crusoe Treasure du izena. Kosta egiten zitzaigun hori zer izango ote zen imajinatzea eta kuriositateak bultzatuta egin dugu txangoa Uribealdeara.


Orain bost urte jarri zuten martxan proiektua Borja Saracho gasteiztarrak, sortzaileak, eta bere lantaldeak, urteetan eta urteetan itsasoan urperatuta egon diren eta dauden ontzi eta galeoietan inspiratuta. Izan ere, itsasontzi horietako askok whisky-a, ron-a... eramaten zuten beren biltegian eta urperatzea tokatuz gero, edariak ere itsasoak irensten zituen, marinelekin eta itsasontziarekin berarekin batera.


Eta hara hor itsasoaren magia, urpean harrapatutakoa altxor bihurtzeko gaitasuna. Orduko whisky eta ron-ak altxor bihurtu dira urteen joanean. Dirutzak ordaindu dira eta ordaintzen jarraitzen da botila haiengatik eta ireki izan diren hainbat oraindik ondo kontserbatuta daudela konturatu dira espezialistak.


Edariei itsasoak zerbait aportatzen ote zienaren jakinminez hasi ziren lanean Crusoe Treasurekoak orain bost urte, 2010ean. Lehen bi urteetan ikerketan aritu ziren. Hormigoizko 7 tonako kaxa handi batzuk eraiki eta itsasoaren hondora lotu zituzten, marea, korronte eta denboraleei aurre egin ahal izateko.


Bi urtez, hiruhilabetero ikertu eta probatu zuten kaxa erraldoi horietan sartutako ardoa. Seigarren hilabetetik aurrera hasten omen da ardoa aldatzen, bai organoleptikoki baita kimikoki ere. Horrez gain, natura aldetik ere ekarpena egiten ari zirela konturatu ziren. Izan ere, 150 bat espezieren bizileku bihurtu zen eta da urpeko upategia.


2012an ekin zion Crusoe Treasurek bere ardo propioak ekoizteari. Errioxako eta Dueroren Erriberako izendapena duten bi botila dituzte: Crusoe Treasure Classic eta Crusoe Treasure Passion.


Ardoa sei eta hamabi hilabete artean izaten dute lurreko upategiko barrikan. Gero sartzen dute urpera, behin botilan sartutakoan. Barrika batzuk ere badituzte itsaspean, baina momentuz, botila gehiago. Gehienez ere, urtebetez egoten dira ur azpian. Botilek ez dute etiketarik (margo berezi batekin izendatzen dituzte itsasoa ez zikintzeko) eta barrura urik ez sartzeko kortxo bereziak erabiltzen dituzte. Kortxo hori argizari moduko batekin babesten dute.


Crusoe Treasurek 500 m2-ko upategia du itsaspean, 18 metrora, kontu eta asmo oso jakinez hautatutako lekuan: justu ibaiak eta itsasoak bat egiten duten parean, hain justu. Ibaitik atera eta itsasotik sartzen den urak etengabeko mugimendua sortzen du bertan. Besteak beste, uraren eta ardoaren etengabeko mugimendua dakar horrek, baita hondarra ere momentu oro harrotuta egotea eta beraz, argia itsas hondoraino ez heltzea. 10000 botilentzako lekua dute upategian eta orain momentuan 5000 bat dituzte urpean.


Ardo gaztearen eta zaharraren ezaugarririk onenak biltzen dituen ardoa da emaitza. Ardo gaztearen usaina eta kolorea, eta zaharraren gorputza ditu Crusoe Treasuren ardoak. Sari garrantzitsu bat irabazi du eta sona handia omen du kritikoen artean. Guk ez dugu gehiegi ulertzen kontuaz, baina probatu genuen eta ederra zegoen! Botilaren itxura ikustea ere merezi du: urpeko altxor bat da, bere txirlatxo eta guzti.


Crusoe Treasure: Areatza Iribidea s/n. 48620 Plentzia (Bizkaia) · Tel.: +34 944 01 50 40 · www. crusoetreasure.com · info@treasurebeverages.com · Facebook · Twitter

PARTEKATU POST-A