BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015(e)ko abu. 13(a)

Debagoiena, natura bertatik bertara

Debagoiena, natura bertatik bertara

Debagoiena bereziki ezaguna da enpresa-munduan kooperatiben sorrera eta zabalkundea landu izan dituelako, baina turistikoki ere baditu baliabide interesgarriak. Industria aberatseko gunea izanagatik, hiru natur baliabide ederrek aipamen berezia merezi dute: Aizkorri mendia, Urkulu aintzira eta Arrikrutz leizeak.

 

Aizkorri mendia

Aizkorri mendia 1528 metroko mendi ederra da. Aizkorrira igotzeko hainbat bide dago, baina gure gomendioa Arantzazuko Santutegian gora egitea da, galbiderik gabe, Urbia-ko zelaietara iritsi arte. Hor artzainen etxolak ikusiko ditugu, baita Aizkorriko tontorra eta gainean den Santo Cristo ermita ere. Goraino joan nahi ez dutenentzat, bada taberna bat indarrak hartzeko otordu goxoak eskaintzen dituena.

 

Arantzazutik Aizkorrira 2 ordu t’erdiko bidea dago, gutxi gorabehera.


Urkuluko aintzira

Aizkorri handiegi zaienentzat Urkulu aintzirari itzulia ematea ideia polita izan daiteke. 7 km-ko paseo lasai eta atsegina da, guztiz laua, gainera. Urkulu aintzira Aretxabaleta herriaren goialdean dago. Leku biziki atsegina da, batez ere, kontuan hartzen badugu Aretxabaletako kasko horretara heltzeko industriagune batetik pasatzen garela. Urkulu aintziraren inguruan, baserriak, baseliza eta paisaia zoragarriak izango dituzu.

 

Turismoa eginez eta bideetan galduz aurkitzen den altxor horietako bat da Aretxabaletako paisaia eder hori. Egun batzuk leku lasai horretan igaro nahi izanez gero, Urkulu landetxean ostatu hartzea gomendatzen dizugu. 


Arrikrutzeko leizeak

Arrikrutzeko leizeak ikusteko Oñatira itzuliko gara. Arantzazuko Santutegirako bidean aurkituko ditugu. Arrikrutzeko leizeak Gipuzkoako leizerik handienak dira. Guztira, 14 kilometro luzeko sistema da.

 

Leizean sartu aurretik, bisitariak interpretazio-zentro bat aurkituko du eta hor kontatua izanen zaio leizea nola sortu den urak mendez mende eginiko lanari esker, zein aurkikuntza egin izan den eta zein fauna bizi den edo bizi izan den bertan.

 

Arrikrutzen aurkikuntza handiak egin izan dira. Aipagarriena duela 50 urte haitzuloetako lehoi baten eskeleto osoa aurkitu izana Arantzazun seminarioan zeuden bi gaztek. Penintsulan aurkitutako lehena eta Europako hirugarrena izan zen. Lehoiaz gain, hartz-aztarnategi bat ere aurkitua izan zen.

 

Leizearen barnealdea oso ongi antolatua da. Altzairuz eginiko eskailera batzuetan barna egiten da bisita. 

 

Arrikrutzeko bisitak

Ordutegia: 10:00etatik 14:00ak arte eta 15:30etik 18:30era.

Urtarrilean eta otsailean itxia dago.

Bisitak egiten ahal dira, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

PARTEKATU POST-A