BLOGA

GASTRONOMIA
2016(e)ko api. 11(a)

Egun batez sukaldari, Pasaiako Ziaboga jatetxean

Egun batez sukaldari, Pasaiako Ziaboga jatetxean

Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Ziaboga jatetetxeak sukaldaritza ikastaroak eskaintzen ditu urte osoan zehar. Bi ikastaro aukeratu daitezke, pintxo-tailerra edo euskal sukaldaritza ikastaroa. Biek ala biek pare bat orduko iraupena dute. Xehetasun gehiago jakiteko bertako sukaldari eta arduradun den Alex-ekin egon gara. 

 

Nola sortu zitzaizuen ikastaroak eskaintzeko ideia?

 

Bada, egia esan, ez zitzaigun guri bururatu. Duela urte batzuk, ingeles bat etorri zen ikastaroak emateko prest ote geunden galdetuz eta guk erronkari eutsi genion. Urte hartan bertan 150 ingeles etorri ziren euskal sukaldaritzako ikastarora. Hurrengo urtean 300 ikasle ekarri zituen eta 3. urtean bikoiztu egin zuen ikasle-kopurua. 

 

Gerora, esklusibitatea landu nahi izan zuen, baina guk nahiago izan genuen edonori irekiak egon eta gure eskaintza geronek zabaltzeari ekin genion. 

 

Nolako ikastaroak dira?

 

Ikastaroek pare bat ordu inguru irauten dute, oso giro lasai eta atseginean. Talde txikiak zein handiak hartzen ditugu, 2 pertsonatik 50 pertsona bitartekoak. Lehenik ongi-etorria eman eta kafetxo bat hartzen dugu, eta amantalak banatzean hasten gara gure sukaldaritzaz hitz egiten. Maiz, ikastaroan gaude, arrain freskoa edo barazkiak saltzen dizkiguten hornitzaileak etortzen dira bisitan eta horrek elikagai horiei buruz hitz egiteko aukera ematen digu. 

 

Ikastaroa amaitzeko prestatutako hori bazkaltzen dugu jatetxeko jangelan, giro lasaiean, Pasaiako badiari begira.

 

Nolakoak dira ikastaroetara etortzen diren ikasleak?

 

Euskal gastronomia Euskal Herria bisitatzeko arrazoi nagusietako bat da. Atzerritarrek asko estimatzen dute eta pozarren etortzen dira ikastarora. Mundu osoko ikasleak eduki ditut, adin guztietakoak, eta guztiekin oso ongi moldatu izan naiz. Amerikarrek eta ingelesek, adibidez, asko disfrutatzen dute arrantzalea bere arrain freskoa saltzera etortzen denean eta gozatu egiten dute arrain freskoa manipulatzen.

 

Prezioak: 

- Pintxo ikastaroa: 69 euro (otordua barne).

- Euskal sukaldaritzaren ikastaroa: 99 euro (otordua barne).

 

Informazio gehiago: Ziaboga jatetxea · Donibane kalea, 91. 20110 Pasaia · Tel.: +34 943 51 03 95 · Facebook ·  Twitter

PARTEKATU POST-A