BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015(e)ko eka. 13(a)

Eta zer egin eta ikus daiteke Durangaldean?

Eta zer egin eta ikus daiteke Durangaldean?

Mendiak eta hiriak bat egiten dute Durangaldean (Bizkaia). Batetik Durango duzu; Bilboren ostean, Bizkaiko herririk handienetakoa. Bestetik, kilometro oso gutxira, Urkiolako natur parkea eta Anboto mendi ederra.

 

Durango ezaguna da euskaltzale askorentzat, urtero ospatzen baita bertan Durangoko Azoka, euskal liburu eta disko azoka. Hala ere, azoka eder horretaz gain, baditu bisitatzea merezi duten hainbat leku eta festarako hitzordu garrantzitsu. Horietako bat San Antonio egunez, ekainaren 13an, Urkiolako San Antonio santutegiaren inguruan egiten den erromeria.

 

Durango

 

Durango 30.000 bat biztanleko herri ederra da. Bilbo ingurutik urrunduz Bizkaiko herri handiena da. Bistan da, industria baduela, baina bertara hurbiltzean industria baino askoz gauza gehiago ikusteko aukera ere izango duzu. Historia luzea eta ondare aberatsa ditu Durangok.

 

Gernikako (Bizkaia) bonbardaketa da Espainiako Gerra Zibileko bonbardaketarik ezagunena, baina Durangon ere izan ziren bonbardaketak: lau egunez hiru sufritu zituen, izugarrizko sarraskia sortuz. Lehena eta handiena 1937ko martxoaren 31an izan zen. Goizeko 8:30ean hasi zen bonbardaketa, herriko merkatu eguna eta mezak ospatzen ari ziren momentuan. Merkatua eta Durangoko bi elizak bonbardatu zituzten. Bonbardaketa horietan 536 pertsona hil ziren.

 

Bonbardaketen ondoren berreskuratze-lan handiak egin ziren eta dira Durangon, eta egun ondare oso interesgarria duen herria da. Andra Mari elizaren eliz atari estalia (argazkian), adibidez, bonbardatua izan zen, baina berreskuratu zen eta, gaur egun, Espainiako estatuko eliz atari estali handiena da; zinez, ikusgarria. Hainbat jauregi eta alde zaharreko kale biziak ere ikusgarriak dira.

 

Urkiolako natur parkea eta Anboto

 

Durangotik oso kilometro gutxira Urkiolako natur parkea dago. Bertan hainbat mendi eder topatuko dituzu eta berezitasuna dute tontorrak kareharrizkoak direla, biziki ikusgarriak. Mendi garaiena Anboto da, 1331 metrorekin. Anbotoren iparraldeko magalean, euskal mitologiako Mari-ren haitzuloa ere bisita dezakezu. Urkiolako natur parkeko mendietan oinez zein bizikletaz ibili nahi duenak natur parkeko interpretazio-zentroan eskuratu ahal du informazio osoa.

 

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi San Antonio egunez, ekainaren 13an, Urkiolako santutegiaren bueltan egiten den erromeria. Durangaldeko eskualdeko festa handienetako bat da. Ehunka lagun igotzen dira Urkiolara egun horrekin. Tradizioak dio santutegiaren kanpoaldean den "tximistarri" harriari 7 itzuli emanez gero, bikote-laguna mantendu edo topatuko duzula. Beraz, biziki ohikoa da jendea harriari itzulika ikustea. Denetatik izaten da egun horretan Urkiolan: meza, santuari bisitak, txakolin, sagardo, gazta eta beste hainbat bertako produktu ikusi eta erosteko aukera, erromeria... Horrez gain, baserriko produktu eta ganadu azoka ere ospatzen da.

PARTEKATU POST-A