BLOGA

GASTRONOMIA
2015(e)ko aza. 20(a)

"Leire eta Txokolategi-Lantegia"

"Leire eta Txokolategi-Lantegia"

Badirudi baietz. Badirudi heldu zaiola amaiera udazken itxura baino uda tankera izan duen aurtengo udazken honi. Hotza eta elurra hurbil izango omen ditugu asteburuan, baina ez gaitezen eguraldiaz kexa.

 

Ea nori ez zaion gustatzen esku artean txokolate bero bat hartu, usain egin, ahoa goxatu (bustitzeko zerbait badugu, hainbat hobe) eta lurrunez edo euri tantaz bustitako leihotik kanpora begiratu eta pentsatzea: “gaizkitxo nago ba”! Gozotik eta goxotik, beraz, gure gaurko proposamena.

 

Tim Burton-en "Charlie eta Txokolate-Lantegia", film ederra. Pelikula eder hartako magia eta gozamenean murgildu da gure Leire, Euskal Herriko txokolategiz txokolategi. Hemen "Leire eta Txokolate Lantegiak" :)

 

L’Atelier du Chocolat (Baiona)

 

Ausartuko ginateke esaten Baiona, Lapurdiko hiriburuaz gain, Euskal Herriko txokolatearen hiriburua ere badela. Inkisizioak Portugaletik eta Espainiatik kanporatutako judutarrek ekarri zuten txokolatea Baionara XVII. mendean. Urte mordoa pasatu da ordutik hona eta Lapurdiko hiriburuan gisa guztietako txokolatea topatuko dugu, txoko nahiz izkina guztietan.

 

L’Atelier du Chocolat” denda-museoa bisitatzea duzu gure gomendioetako bat. Kakaoaren eta txokolatearen historia, pasa den mende hasierako makinaria eta txokolate tailerra ezagutu ahal izateko bisita gidatuak eskaintzen dituzte. Bisita txokolate-dastaketa batekin bukatzen da. Aipatu bezala, denda ere badute; baita haurrentzako ekintzak ere: kakao-gurinez txokolatezko arrainak margotzeko tailerra.

 

Cazenave txokolategia (Baiona)

 

Edateko txokolatea maite baduzu, galdu ezinezko txokoa duzu Cazenave txokolategia, txokolateagatik beragatik (Baionako onena, guretzat) zein lekuagatik.

 

Denboran atzera egitea da Cazenave txokolategian sartzea; XIX. mendearen amaierara, “Belle Époque”-ra, salto egitea: aulki eta mahai dotoreak, beirateak, baxera ederra. Cazenaveko “Chocolat mousseaux”-ak ondo irabazitako sona du eta arrosa gorriz apaindutako baxera ederrean aterako dizute hori ere mahaira (argazkian). Asteartetik larunbatera egoten da irekita.

 

Chocolats Puyodebat (Kanbo)

 

Baionatik ez oso urrun, Kanbon, topatuko duzu Chocolats Puyodebat txokolate-faktoria. 15. urteurrena ospatzen dabiltza eta lan-talde guztia Ekuadorren izan berri da beren hornitzaile diren kakao ekoizleak ezagutzen.

 

Chocolats Puyodebat ere denda-museo bat da. Kakaoaren eta txokolatearen historia ezagutu eta txokolate-egileak lanean ikusteaz gain, Kanbon izango duzu beste zereginik. Valérie eta Christophe Puyodebat-ek txokolatea egiten irakatsiko dizute, nahi izanez gero. Hitzordua hartzea beharrezkoa da horretan aritzeko.

 

Laia txokolategia (Baigorri)

 

Gorriz azpimarratuta izaten dugun lekua da Laia txokolategia, Baigorrira joaten garen aldiro.

 

2009an ireki zituen ateak, Olivier Casenave-ren eskutik. Nekazaritzako elikagaien ingeniaria da ikasketaz Olivier eta txokolategi fabrika handietan egin izan du lan. Orain, egunean 180 tona txokolate ekoiztetik astean 180 kilo egitera pasatu da, kantitatea baino kalitatea zaintzera. Industria eta hiriguneetatik urrundu eta herri txiki batean modu tradizional eta artisauan lan egitearen aldeko apustuaren fruitua da Laia txokolategia.

 

Ez da bisitarik izaten, baina badu bere lan egiteko modua azaltzen duen bideo txiki bat. Bertan txokolate bero bat hartzea duzu gure gomendioa, eta ateratzean bonboi batzuk erostea; oso dira onak!

 

Malkorra gozotegia (Elizondo)

 

1924an ireki zuten Malkorra gozotegia Raimundo Malkorra eta Martina Otaegik, Donostiatik Elizondora joan ziren ezkonberriek. Txokolategilea zen Raimundo eta laster hasi zen gozotegia sona eta jarraitzaileak irabazten, Pío Baroja eta Ramón María Valle Inclán idazleak kasu. Orain gutxira arte puri-purian egon den Dolores Redondoren Baztango trilogian ere badu bere txokoa: Amaia Salazar inspektorearen familia-gozotegiaren alter egoa da Malkorra gozotegia.

 

“Urrakin egina” txokolatea da Malkorrako produktu izarra, Elizondoren ezaugarrietako bat bihurtu dena. Behin haraino joanda, hori etxerako edo oparitarako eros ezazu eta hartu txokolate bero goxo bat gozototegian bertan :)

 

Mendaro txokolateak (Mendaro)

 

Familiako txokolate-fabrika bat da Mendarokoa. 1850ean jarri zuen martxan Bernando Saint-Gerons-ek, Gerra Karlistan Mendaroko baserri batera heldu zen jeneral frantsesak. Haren hereilobak dira egun lanean jarduten dutenak.

 

Ez da denbora asko bisita gidatuak eskaintzen dituztela. Bertaratzen zirenek lantegia ikus ote zitekeen galdetzen omen zieten eta beren fabrika, historia eta lan egiteko modua bisitariei erakusten hastea erabaki zuten.

 

Orain ia 200 urtetik hona kakaoa xehatzeko erabiltzen duten errota martxan ikus daiteke bertan. Asto batek eragin izan zion, Gipuzkoako lehen motor elektrikoak ordezkatu zuen arte. Ez omen da ohikoa gisa eta antzinatasun honetako errotak martxan ikustea, museoko pieza bihurtu ei dira eta.

 

Bisita gidatuetan edateko txokolatea prestatzeko tabletak nola egiten dituzten erakusten dute. Astean zehar, goizez zein arratsaldez egin daitezke bisitak, eta larunbatetan, berriz, goizez. Bisitek 20 bat minutuko iraupena dute eta beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Garai bateko dendak ere irekita jarraitzen du, mila gutiziarekin!

 

Argazkia: Cazenave txokolategia

PARTEKATU POST-A