BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015(e)ko eka. 4(a)

Plentzia eta Gorlizeko hondartzak, Kantauriko bi harribitxi

Plentzia eta Gorlizeko hondartzak, Kantauriko bi harribitxi

Batzuk lehenxeago eta beste batzuk oraintsu, aste honetan ireki da udako denboraldia Euskal Herriko hondartzetan.

 

Euskal kostaldean gustu guztietarako hondartzak daude: handiak, txikiak, surf egiteko aproposak, herrian bertan daudenak zein aldenduago daudenak, nudistak, sona handiagokoak ala herritarrek bakarrik ezagutzen dituztenak... Bakoitzak du bere hondartza kuttuna.

 

Guk, gaurkoan, Plentzia eta Gorlizeko hondartzei egin nahi izan diegu ohore.

 

Plentzia eta Gorlizeko hondartzak elkarren jarraian daude. Marea behera dagoenean guztiz lotzen dira, baina marea igotzerakoan bi hondartza ezberdin dira. Hondartzako harea fina da, kolore laranja-marroixkakoa. Hondartza lasaiak dira, familian joateko aproposak. Uretako hainbat kirol praktikatzeko aukera ere eskaintzen dute. Besteak beste, windsurfa, surfa eta piraguismoa.

 

Hondartzak bezain atseginak dira inguruak ere. Hondartzaren atzealdean garai batean dunak osatzen ziren, baina eraikuntza ezberdinengatik ia desagertuta daude. Hala ere, atseden hartzeko pinudi eder bat dago, baita Troka abentura enpresak aisialdirako egokitutako gune bat ere.

 

Plentziako hondartzatik, marea beherarekin eta olaturik ez denean, ondo seinalizatutako bidexka batetik (gr-280) Butrondarren gaztelu ikaragarrira iritsiko zara. Bidexka hori hartzeko, oinezkoentzako pasabidea gurutzatu eta eskumara egin behar duzu.

 

Gorlizeko hondartzako pasealekuaren amaieran, harri bihurtutako dunak daude, balio geologiko handikoak. Hemendik bidexka bat hartu eta Billano Lurmuturrera eta itsasargira iritsiko zara. Bertan badira antzinako babes-bateria bat, bunker batzuk eta albo batean kainoi uger bat.

 

Plentzia eta Gorlizeko hondartzen parean (argazkiaren ezkerraldean), Barrikako hondartza nudista ikus daiteke. Harea ez da hain fina, baina arkaitz artean gordeta dagoen kalatxoak merezi du ostera bat. Kala horren inguruan oinez ibiltzeko eta bista zoragarriez gozatzeko bidexkak ere badaude.

PARTEKATU POST-A